XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1989ko Tourrean Greg Lemond irabazleak zortzi segundo atera zizkion Laurent Fignon frantziarrari.

Indurain Perico Delgadoren zerbitzuan zegoan, inork ez zuen zalantzarik egiten.

Egia esan, garai hartan inortxok ez zuen ikusten Miguel Indurain Frantziako Tourreko irabazle.

Hori ez zitzaion inori burutik pasatzen.

Tourrean, etapak irabaziz eta Perico Delgadori lagunduz hasi zen bere nagusigoa azaltzen.

Pirineoak oso garrantzizkoak izango dira bere kirol bidean.

Gogora dezagun 1989ko bederatzigarren etapa hura, Cauterets-en bukatu zena.

Perico Delgado oso ondo moldatzen zen lasterketaren barruan.

Frantziako Tour bat oso egoki irabazi zuen eta etsaien aurpegietan irakurtzen bazekien, beren une txarrak irakurtzen alegia, erasoa jotzeko une aproposa aukeratu ahal izateko.

Indurainek ere ikasi zuen lasterketa barrutik ezagutzen, inork esan beharrik gabe une aproposetan egin behar zuena erabakitzen.

Berak bakarrik erabaki beharko zuen, erretzeko arriskuarekin kontuz ibiliz.

Irakasle ona eduki zuen.

Indurainek lehiakideen lasterketako jokaerak ezagutzen ikasi zuen, baina beretik ahalik eta gutxien erakutsiz.

Bere betiko aurpegiera berezi horrekin, eta gehienetan eguzkitako betaurrekoen atzean ezkutaturik, ziklismoaren beste arlo erabakigarri bat ikusten joan zen: ez da nahikoa indarra edukitzea, ahalmenak izatea.

Momentu egokietan maltzurki jokatzen jakin behar da.

Perico Delgadok, Lemond Marie Blanque mendatean gora larri ikusi zuenean, erasoa jotzeko agindua eman zion Induraini.

Mendate gainera iritsi bezain laster jo zuen aurrera, Aubisque igo zuen eta han joan zen Cauterets aldean gora.

Hogeita zazpi segundo atera zizkion Anselmo Fuerteri eta 1:29 azkenean sailkapen nagusian hirugarren geldituko zen Perico Delgadori.

Miguel Indurain, besterentzat lanean ari bazen ere, hamazazpigarren zegoen.

Aurreko urteetako Tourretatik izugarrizko aldaketa nabari zen.

Miguel Indurainek besterentzat lan egiteaz gain, onenen artean egoteko gaitasuna erakusten zuen eta berezitasun hori oso jende gutxiren esku dago.

Pare bat urtera bere kirol bizitza markatuko zuen Luxemburg ere hortxe agertzen zen Frantziako Tour horretan.

Bertan ekin zitzaion Tourrari prologo baten bidez.

Miguel Indurainek zazpigarren egin zuen Erik Breukink holadarrarengandik hamar segundora.

Garai hartan Breukink oso goian agertzen zen, Miguel Indurain baino osatuago ageri zen eta garaipenak ere gehiago lortzen zituen.

Luxemburg eta lehenago Aubisque, Tourmalet edo Sestriere dagoeneko agertu ziren bere bidean.

Historia errepikaturik, berragertzen joango zitzaion Miguel Induraini.

Lehen ikusitako irudiak oroitzen hasi zen, ibilbideak, mendateak, egoerak memorizatzen joan zen.

Lasterketarako ongi prestaturik zegoen bere buru azkar hori konputagailu bihurtzen zihoan eta bertan artxibatzen zituen datuak, zenbakiak, portzentaiak eta, batez ere, egoera horiek menperatuko zituenaren ziurtasuna.

Aurreko urteetan hainbat gauza gainditu bazituen, ez ote zituen bada gaindituko txirrindulari bezala heldutasuna lortu zuenean?

Gazteen Tourraren aldean Tour handian gauzak oso era desberdinean hasi zitzaizkion.

Prologoak eta erlojupekoak irabaziz hasi zen.

Horretarako gaitasunik galdu gabe, are gehiago hobetuz, mendian ere irabazteko gai izango da.

Ziklista gaindiezin baten oinarriak finkatzen zihoazen.

Denbora hartu behar zen.

Tourrarekin jarraitu aurrez, ez dira ahaztu behar hor lortu zituen beste bi garaipen nahiko adierazgarri.

Bigarren aldiz Paris-Niza irabazi zuenekoa eta Donostiako Klasika.

Bigarren Paris-Niza irabaztea aurrekoa baino gehiago kosta zitzaion.

Dagoeneko Miguel Indurain txirrindulari ezaguna zen eta ez zioten edozer moduz mugitzen utziko.

Prologoan bigarren gelditu zen, Francis Moreau irabazlearengandik hiru segundora.

Eguzkiaren lasterketako hirugarren etapa erabakigarria izan zen.

Bernard frantziarrak erasoa jo zuen eta Banesto osoa lanean jarri zen harik eta azken kilometroan harrapatu zuten arte.

Indurainek lidergoa eskuratu zuen.

Taldekako erlojupekoan berriro ere porrot egin zuten.

Ondorioz Stephen Roche berrogeita zazpi segundo aurretik jarri zitzaion.

Mont-Faron, igoera bat, aukeratu zuen Miguel Indurainek sailkapena hankaz gora jartzeko.

Col d'Eze-ko kronoigoera aurretik Miguel Indurainek hamabost segundo kentzen zizkion Roche irlandarrari.

Igoera horretan Rochek zazpi segundoko aldea bakarrik atera zion.

Beraz, Miguel Indurainek bere bigarren Paris-Niza zortzi segundoko aldearekin irabazi zion.